Telebista, barrutik ikusia

Telebista barrutik ezagutzea interesgarria da. Are gehiago estreinaldi baten bitartez baldin bada.

Aritz Alcubilla, Ivan Benko eta Iñaki Serrano gara, unibertsitateko ikasleak, eta gure lagun Aitor Martinezekin batera, Ainhoa Etxeberriak aurkeztutako ETB1eko “Zurekin Bat” leihaketaren estreinaldian parte hartzeko zortea izan genuen.

Iñakik jasotako dei batekin hasi zen guztia. Pasatako esperientzia bat zela eta, ekoizleetako batek deituta joan zen saio pilotuaren grabaketara, K2000ren Galdakaoko egointzan. Nork pentsatu behar zuen hiru hilabete geroago bere pisukide Aritzi deituko ziotela, estreinaldian parte hartzeko.

Programan, K2000k EITBrentzat ekoitzita eta formatu israeldar batean egokituta, bi talde lehiatzen dira hiru fasetan, galdera ezberdinak erantzunez. Irabazleek beste bi fase egiten dituzte, eta hauetan asmatutako erantzunak diru bihurtzen dira talde bakoitzak ezarritako helburua osatze aldera.

Talde bakoitzak lider bat du, galderak erantzuten dituena. Lehiaketaren gakoa taldeak liderrarengan duen konfiantzan dago, izan ere, taldeak “Zurekin bat” botoia sakatu eta liderrak asmatzen duen bakoitzean, puntuak biderkatu egiten baitira.

Deitu gintuztenean ez genuen zalantzarik egin, telebistako barnealdea ezagutzeak sortzen zigun jakinmina dela eta, gehien bat. A-8 talde gisa aurkeztu ginen: terrazan igerilekua jartzeko diruaren bila doan pisukide taldea.

Espero bezain ona izan zen esperientzia. Dena den, zortea ez zen erabat gure alde egon lehiaketan zehar. Gehien txunditu gintuena programako kideek kontatzen zizkiguten pasadizo interesgarriak izan ziren. Hiru saio grabatu ziren bi egunetan eta, tarte horretan, Imanol (gidoilari eta ikasle ohiak) tour bat egin zigun eta platoa, mikrofonoak, makillajea eta abarrekin lotutako xehetasun guztiak argitu zizkigun. Kontrolgunera sartzeko aukera ere izan genuen.

Ondo pasa genuen eta barre ugari egin genuen atseden eta zizka-mizkatan, Galdakao eta Miramongo egoitzatako sekretuak ezagutzeaz gainera: kontrol zaharrak, edizio makina analogikoak, atrezzo gunea edo “Goenkale” telesail ezagunaren dekoratuak, besteak beste.

Botea lortu ez bagenuen ere, zalantzarik gabe esperientzia izugarria izan zen guretzat eta Komunikazioko edozein ikasleri gomendatuko genioke. Hau bezalako lehiaketa batean parte hartzea telebista barrutik ezagutzeko aitzakia perfektua da!

Aritz Alcubilla 8 argitalpen
Zuzenbidea + Komunikazioko ikaslea