Deustuko Unibertsitateak eta Kazetarien Euskal Elkargoak bat egin dute Komunikazioko Gradu Amaierako Lan onena saritzeko

Bi erakundeen arteko elkarlanaren lehen ekintzetakoa den honetan, kazetaritza eta komunikazio gaiak lantzen dituzten GRAL onenak nabarmendu nahi dira. Epaimahaia Jaime Otamendi eta Arantxa Iraola kazetariek ere osatuko dute.

Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak eta Kazetarien Euskal Elkargoak “I. Kazetaritza eta Komunikazioko Gradu Amaierako Lanen saria”ren oinarriak sinatu dituzte gaur eguerdian, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Sari honek erakunde sinatzaileen arteko lankidetza-harremana sendotzen du. Oinarriak sinatu dituzte Amaia Goikoetxea, Kazetarien Euskal Elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidenteak, eta Ane Ferran Zubillaga, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoak.

Sari honen bitartez sustatu nahi dira zorroztasunez informatu, arduraz lan egin, eta konpromisoa eta zerbitzu publikorako bokazioa biltzen dituzten Gradu Amaierako Lanak. 2023/24 ikasturtean Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Graduan Gradu Amaierako Lana aurkeztu duten ikasleek har dezakete parte, gutxienez 9ko kalifikazioa lortu badute. Saria azaroan emango da, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako 2024ko Kazetaritza Sarietarako ekitaldian.

Lehen edizio honetan, epaimahaia osatuko dute: Jaime Otamendi, ETBko kazetaria eta Donostia Kulturako zuzendariak; Arantxa Iraola, Berriako kazetariak; Amaia Goikoetxea, Kazetarien Euskal Elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidenteak; Amaia Fano, Kazetarien Euskal Elkargoko dekanorde eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidenteordeak; Miren Berasategi Zeberio, Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko titulazioen koordinatzaileak; eta Juan Pagola, Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko graduko irakasleak.

Komunikazioko graduari buruz

omunikazioko ikasketak duela 25 urte hasi ziren Deustuko Unibertsitatean, hasieratik Gizarte eta Giza Zientzietan sendo errotuta. Egungo ikasketa-plana 2023/24 honetan estreinatu da, digitalizazioa ardatz bihurtu eta egungo erronkei erantzuna emateko helburuarekin.

Norbanako, erakunde eta azken batean gizarte osoaren harremanak egituratzen dituen fenomenoa da komunikazioa, eta horrela ulertzen da Gradua ere. Jakintza-arlo global eta integrala da komunikazioa, eta graduak beraz hedabide eta enpresa edo erakundeen komunikazioaren arteko banaketa klasikoa gainditzea bilatzen du, komunikazioaren esparruko ingurune anitzetara egokituko diren profesionalak eta egungo gizartearen erronka ugariei erantzuna emateko gaitasuna izango duten pertsonak prestatuz.

Komunikazioko graduak geroz eta konplexuagoa den errealitatea ulertzen laguntzeko narratibak eta komunikazio-estrategiak irungo dituzten pertsona eta profesionalak gizarteratu nahi ditu, eta helburu horretan ezinbestekoa da kazetaritzaren papera eta Kazetarien Euskal Elkargoarekiko lankidetza.

DeustoKOM 13 argitalpen
Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko ikasleen aldizkari digitalaren editore taldea.

Zurea da hitza

Egin ezazu iruzkin bat

Your email address will not be published.


*


Webgune honek Akismet erabiltzen du spama saihesteko. Nola prozesatuko dira zure iruzkinaren datuak?