Jesuiten testigantzak Gradu Amaierako Lanetan

Marta Lerchundi ikaslea Valentin Bengoa jesulagunarekin

Deustuko Unibertsitateak Magis Radiorekin lankidetzan Gradu Amaierako Lanen programa bat jarri du martxan, komunikazioko ikasleek adineko jesuiten testigantzak jasotzen dituzten irratsaioak egin ditzaten.

Proiektua 2015-2016 ikasturtean estreinatu da eta dagoeneko eskuragarri daude Magis Radion lehenengo bi irratsaioak.  Lehenengoa Valentin Bengoa jesulagunari buruz Marta Lerchundi ikasleak egindako dokumentala da. Frankismotik hona euskal sindikalgintza ulertzeko funtsezkoa pertsonaia da Valentin Bengoa (entzun hemen). Bigarrena, hiru atalez osatua, Jose Uranga jesulagunarekin Julen Redondo ikasleak izandako solasaldi pertsonalak dira. Jose Uranga azpeitiarrak bizitza osoa Kongon igaro du misiolari modura. Irratsaio hauetan, bere jakinduria eta ikuskera azalduko dizkio bere solaskide gazteari (entzun hemen: 1. atala, 2. atala, 3. atala)

Deustuko Unibertsitateko Irratigintza irakasleek tutorizatutako irratsaio hauek ez dira soilik jesuita hauen testigantzak jasotzeko tresna hutsa. Gainera, ikasleentzat konpromiso sakoneko bokazioak izan dituzten pertsonekin harreman aberasgarria izateko aukera ere badira.

Gradu Amaierako Lan hauen lehen edizioa Loiolako Santutegiaren partehartze eta laguntzak egin du posible. Datozen ikasturteetarako helburua, Espainiako Probintziako Hirugarren Adinerako eta honen Prestakuntzarako Delegazioarekin lankidetzan, Deustuko ikasleak jesuiten testigantzak jasotzera Probintziako beste lekuetara joan ahal izatea da.

Xabier Riezu 20 argitalpen
Irakaslea
Xabier Riezu Arregui Nazioarteko eta Kultura arteko Ikasketetan doktorea da; Migrazioak, Gatazkak eta Gizarte Kohesioan Masterra; Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatua; eta Filosofian lizentziatua. Bere irakaskuntza Deusto Business Schoolen, eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean eskaintzen du. Irakasgai hauek ematen ditu: "Etika Zibikoa eta Profesionala", "Irrati Ekoizpena" eta "Globalizazioa, hiritartasuna eta kultura arteko konpetentzia". Ikerlari moduan Etika Aplikatuko Zentroko kidea da eta komunikazio-teknologien dimentsio sozialari buruz, erlijioaren eta komunikazioaren arteko harremanari buruz eta etika publikoari buruz argitaratu izan du. Bere jarduera akademikoez gain Espainiako Probintziako Jesusen Lagundiko komunikazio bulegoko kide da, eta komunikabide desberdinetan kolaboratzen du. Horren aurretik Herri Irratian aritu zen lanean.