Inoiz jarri al zarete kameren atzean dauden lankideen azalean? Komunikazioko Graduko Ander Perez eta Mikel Yarza ikasleek ikus-entzunezko edukiak ikusi, interpretatu, hausnartu eta euskarazko gogoetak idazten dituzte analisi, kritika edo iritzi modura. Egun hauetako eguzki izpien pean, solasaldian ibili ginen eurekin. Zuekin, Kameraren Atzean blogeko bi zinema-kritikariak!
Telesailak ala filmak?
Ander: Filmak.
Mikel: Telesailak.
Zerekin topa daiteke blogera sartzen den irakurlea?
M: Telesailak, dokumentalak, filmak… oro har, ikus-entzunezko mundutik gehien interesatzen zaizkigun gaien inguruko hausnarketa, analisia eta iritziekin.
Nola erabaki zenuten bloga sortzea?
A: Argia aldizkariko Gaizka Izagirreren guneaz gain, ez genuen ikus-entzunezko edukiak euskaraz aztertzen zituen web orririk ezagutzen. Beraz, gure zaletasunari helduz, bloga irekitzea erabaki genuen telesail eta filmetako analisiak egin eta gure iritzia plazaratzeko. Jakin badakigu, askotan, ikusten ditugun edukien jatorria ez dela hemengoa; baina horrek ez du esan nahi analisiak euskaraz egin ezin direnik. Aukera egokia eta berritzailea dela uste dugu.
Altxorrak saila ere baduzue. Zer gordetzen duzue bertan piratek?
M: Beste sailak gaurkotasunarekin erlazionatuak daude. Altxorrak, ordea, beste urteetako, hain ezagunak ez diren, edo zirkulu konbentzionaletan onarpena lortu ez duten lanen hausnarketak biltzen ditu. Sail honen helburua da irakurleek ere ikus-entzunezko eduki horien berri izatea, itzalean gelditzen direnak.
Honelako analisi sakonak egiteko, zinema gustatu behar zaizue bai ala bai…
A: Bai, horretan ez dago zalantzarik. Mikel ezagutu nuen momentutik, zinema mundua gehiago ezagutzen hasi nintzen; direla zuzendariak, direla estiloak… filmak eta telesailak beste modu batera ikusteari ekin nion. Gustatzeak, beraz, eragina du.
M: Ahal dugun heinean ari gara sakontzen. Urte erdiko epean, saiatzen ari gara zinemaren inguruan ditugun ezagutzak irakurleekin partekatzen eta azken aldian edukiak dimentsio sozial batera bideratzen saiatzen gara. Azken finean, filmen edo telesailen atzean beti daude sortzaileek transmititu nahi dituzten ideiak: pertsonaien karakterizazioak, arraza, sexua, erlijioa… horiek guztiek ikuslearen errealitatea ulertzeko modua baldintzatzen dute, eta iruditzen zaigu interesgarria litzatekeela blogeko edukien bitartez, gai horien inguruko hausnarketak piztea.
Kritikoak kritikatuak izan ohi dira… dela profesionaltasun eza, dela “sasijakintasuna”…
M: Uste dut azkenean onena inkonformista izatea dela. Kritika bat irakurri edo idazten baduzu, beti egongo da norbait zurekin bat ez datorrena. Eta ez dut esan nahi hori ona ez denik; guztiz alderantziz. Horrek esan nahi du irakurleak gaiaren inguruan pentsatu duela eta bere ideiak proposatzen dituela.
Kritikotzat duzue zuen burua?
A: Ezin dugu kritiko profesionaltzat jo geure burua, oraindik kritiko amateur-ak garelako. Baina kritikoak izan bagarela uste dut.
M: Baietz esango nuke. Geroz eta gehiago saiatzen gara kontsumitzen ditugun edukiak modu kritikoan jasotzen eta ez soilik entretenimendu gisa. Pentsamolde hau, ordea, bizitzako arlo guztietara hedatzea da garrantzitsuena, orokorrean izpiritu kritikoa izatea da.
Zinema generoka sailkatzeaz gain, beste moduren batean egiten al du zinema kritiko batek?
A: Generoen bitartez sailkatzeaz gain, beste modu askotan egin daiteke. Guk generoka egiteaz gain zuzendarika eta zuzendarien estiloka ere egiten dugu sailkapena. Azken finean, David Lynch, Stanley Kubrick edo Lars von Trier bezalako zuzendariek euren estilo propioa eraikitzen dute, eta garapen horren barnean gai ezberdinak jorratu: nolako zuzendaria, halako filma.
M: Gai sozialen arabera ere antolatzea beste aukera bat da. Esaterako, Irlanda edo Ekialde Hurbileko gatazkak; horiei buruz filmek ematen dituzten ikuspuntu ezberdinak ezagutzea interesgarria da. Uste dut, gainera, generoak puskatzeko daudela: betiko estandarretara mugatzeak ez du xarma handirik; zuzendarien film esanguratsuenak generoak konbinatzen dituztenak izan ohi dira, original eta aberatsenak.
Zuek orain arte aztertutako telesailak, oro har, drama, komedia edo beldurrezkoak dira… erromantikoak nahiago izatearena emakumeon topikoa al da?
M: Hor ezberdindu beharko litzateke gaiaren trataera ea modu konbentzionalean edo ez konbentzionalean egiten den. Drama eta komedia modu oso makabroan ere aurkeztu daitezke… badaude zuzendariak sexua eta amodioa ikuspuntu oso ilunetik irudikatzen dituztenak. Orduan, ez nuke esango soilik emakumeak direnik amodiozko filmen kontsumitzaileak. Baina egia da gizartean, oro har, joera dagoela halako istorio estandarrak kontsumitzeko; baina ez soilik emakumeengan, denengan baizik.
Pentsatzen dut blog honen lana ez dela soilik edukien analisiak egitea… beste zerbait ere eskatzen du, ezta?
A: Ikus-entzunezko edukien artean jarraipen bat egitea eskatzen duen lana da. Egunean jarraitu behar dira berrikuntzak.
M: Gure edukien aldetik, telesailetan islatzen da bereziki egunerokotasun lana. Telesail bateko atal berria jada publikatua badago, horri buruzko edukia ahalik eta azkarren idazten saiatzen gara. Gure helburua ez da, ordea, gaurkotasunari buruzko azaleko jarraipena egitea, edukiak sakontasunean aztertzea baizik.
Ikusi dezakegunez, zinema jaialdietako aukerak ere aprobetxatzen dituzue bertako ikus-entzunezko saioetatik zukua ateratzeko…
A: Oraintsu Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian gabiltza gazte epaimahaikide bezala parte hartzen, eta astebeteko epean, egunero ikusi behar izaten ditugu film labur eta dokumental edo luzemetrai bat. Horrez gain, proiekzioen ondoren jorratutako gaien inguruko solasaldiak egon ohi dira, gaian adituak diren edo gatazka pairatzen dutenekin. Ikusi dugun azkena Armeniako genozidioari buruzko filma izan da, eta gai hori gertutik ezagutzeko aukera izan dugu. Honelako ikus-entzunezkoak informazio-iturriak ere badira, beraz.
M: Benetan merezi duten jaialdiak dira. Giza Eskubideen Jaialdiaz gain, irailean, Zinemaldia eta azaroan, Beldurrezko Jaialdia antolatzen dira Donostian. Oraingo jaialdi honetan, giza-eskubideak ikuspegi sozial batetik azaltzen dira, eta hausnarketa sakonagoetara bultzatzen gaituzte, kontzientzia soziala pizten dute ikusleen artean. Zoritxarrez, ikusten ari garen film asko zirkulu komertzialetara iristen ez direnak dira. Horregatik, jaialdia amaitzean ikusitakoaren inguruko kronika osatuko dugu.
Kameraren Atzean da zuen blogaren izenburua. Kameraren atzetik lan egitea gustatuko litzaizueke, gidoilari, zuzendari gisa?
A: Ez legoke batere gaizki. Errazena da sorkuntza bera ikustea, baina atzean dagoen lanak izugarria izan behar du. Mundu hori probatu eta ezagutzea interesgarria izango litzateke; eta nork daki, etorkizunean, beharbada, mundu horretan lan egiteko aukera sortzen da…
M: Ez da egiazkoa ikusten dudan zerbait, epe laburrean. Baina idaztea asko gustatzen zait eta ez dut baztertzen zinemarekin loturiko proiekturen batean gidoilari lanetan aritzea. Zentzu batean, horregatik eman genion izen hori gure blogari; azken finean, kameraren atzean daudelako ideiak eta sorkuntza prozesu guztia.
Eta kameraren aurrean?
A: Ez, ez dut neure burua horretan ikusten.
M: Ikastola garaian antzerkia egiteko aukera izan nuen hiru urtez eta, ordutik, asko gustatu izan zait. Orain ez dut ohiturarik, baina oso gustura egingo nituzke antzerki-lanak aukera izango banu.
Blogean zuetatik at, inork parte hartzeko aukerarik ba al dauka?
A: Ez dugu inoiz planteatu hori, baina izan liteke. Gure bloga kolaborazioan oinarritzen da, eta inoren ekarpenak onuragarriak badira, zergatik ez?
M: Hasieratik Ander eta biok gaude ez dugulako inor gehiagorik topatu zinema arloan hain amorratua denik. Baina inor prest badago, ongi-etorria da.
Nola banatzen dituzue filmen eta telesailen analisi edo hausnarketa kritikoak?
A: Ikusten dugunaren arabera. Abiapuntu ezberdinetatik hasi ginenez, gerta daiteke nik ikusi dudan telesail, film edo dokumental bat Mikelek ez ikusia izatea edo alderantziz. Aldi berean ikusten baditugu, bion artean idazten dugu.
Blog honen bitartez zerbait lortzea gustatuko al litzaizueke?
A: Nire kasuan, bloga nire gustuak eta ideiak transmititzeko tresna bat da, eta horretara mugatzen dut. Momentuz ez dut etorkizuneko proiektu batekin lotzen, nire hobbya garatzeko modu bat besterik ez da.
M: Komunikazioko Gradua ikasten ari gara, eta beharbada, noizbait profesionalagoa den beste nonbait bukatuko dugu lanean. Horretarako, aukera edo abiapuntu bezala ikusten dut. Orain gure helburua da ahalik eta gehien zabaltzen joatea, eta bestelako proposamenik iristen bada… zorionekoak gu!
Ez zaudete soilik blogean, sare sozialetatik ere izan dezakegu zuen berri…
A: Blogean soilik publikatuko bagenitu, oso jende gutxik irakurriko lituzke. Nahiz eta ez diegun mugimendu askorik ematen sare sozialei, horien bitartez zabaltzen ditugu gure edukiak. Facebooka eta Twitterra dira gure sare sozialak, baina Facebooka da, batez ere, gure edukiak zabaltzeko erreminta.
M: Duela gutxi sare sozialetan hainbat euskal kazetari gunea jarraitzen hasi dira, eta hori guretzat oso pozgarria da. Baina oraindik gure zabaltze prozesua nahiko luzea da.
Zein da momentu honetan gertutik jarraitzen duzuen telesaila?
A: Nire kasuan, Game of Thrones. Urteko garaiaren arabera, beste hainbat ikusten ditut, baina orain uda datorrela, ia guztiak amaitzen doaz eta nik ikusten ditudan gehienak bukatu dira. Aldi berean, denboraldi berriak hasten dira. Nik Hannibal eta True Detective jarraituko ditut.
M: Anderrek aipaturikoez gain, Penny Dreadful ere ikusten dut, baina ia beti jatorri estatubatuar edo britainiarrekoak izan ohi dira. Beste herrialdeetan ere badaude telesail interesgarriak, Unsere Mütter Unsere Vater alemaniarra, Gomorra italiarra eta Horíci Ker txekiarra, esaterako. Herrialde horietan esploratzea ere epe laburrean dugun asmoetako bat da.
Bukatzeko: Game of Thrones edo How I Met Your Mother?
A: Oso desberdinak dira biak. Genero ezberdinekoak dira, biak oso entretenigarriak eta gomendagarriak. Bat hautatu beharko banu, How I Met Your Mother; beharbada, amaitua dudalako.
M: Ez naiz How I Met Your Mother-en jarraitzailea; baina hiruzpalau kapitulu ikusi ditut eta iruditzen zait amerikar gizartearen eta estereotipoen irudia barnera nahi digutela. Game of Thrones telesailak, ordea, boterea eta gizartearen kritika egiten du, askoz sakonagoa eta konplexuagoa da.