“Nuevo Periodismo” jardunaldia Deustuko Unibertsitatean, ‘Periodismo 2030’-ek antolatuta

Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean ospatuko da martxoaren 31n 'Periodismo 2030' taldeak antolatutako ekitaldia. Ekitaldi horretan unibertsitateko ordezkariek moderatutako hainbat eztabaida egongo dira eta euskal komunikazio-sektoreko zenbait profesionalek parte hartuko dute.

Deustuko Unibertsitatean komunikazioari buruzko jardunaldi monografikoa egingo da. Periodismo 2030 ‘Mundua aldatu da. Informazioa, ere bai’ lelopean hainbat kazetarik osatzen duten taldea da, eta kazetaritza-modu berri bat proposatzen dute mundu desberdin baterako. 2021ean sortutako proiektu honen helburua etorkizuneko gizartean informazioak izango duen papera aurreikustea da, hau da, komunikabideek ziurgabetasunez eta aldaketaz betetako egoera batean jarraituko duten bidea iragartzea. 200 komunikatzaile ospetsuren lankidetzarekin, komunikazioaren aro berri honetarako kazetaritza-soluzioak biltzen dituen liburu bat argitaratu da. Liburu hau eta publikoari irekitako jardunaldiak izango dira elkartearen mezua zabaltzeko bide nagusiak.

Jardunaldi horietako bat, datorren martxoaren 31n Donostiako Kanpuseko Arrupe Eraikineko Gradu Aretoan ospatuko da. Ekitaldiaren inaugurazio ofiziala 11:30ean izango da, eta bi eztabaida-mahai izango ditu, Miren Gutierrez Komunikazioan Doktore eta Unibertsitateko irakasleak moderatuta. Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordea, Fernando Jauregi eta Sergio Martín, Periodismo 2030-eko presidentea eta zuzendaria hurrenez hurren, eta Juan Mari Gastaca kazetaria izango dira mahaiburuak. Antolatzailea Asier Leoz Unibertsitateko irakaslea izango da. Lehen eztabaida 12:00etan hasiko da, eta prentsa idatziaren (paperean zein formatu digitalean) etorkizunaren inguruan arituko dira parte-hartzaileak. Bigarren mahaiaren gai nagusia ikus-entzunezko edukien etorkizuna izango da, eta 13:00etan hasiko da. Bi mahaietan garrantzi handiko komunikatzaileak egongo dira, eta, ziurtasun osoz, ezagutzaz betetako goiza eskainiko diote Arrupe Eraikinera joango den orori.

Martin Ruiz 8 argitalpen
Komunikazioko ikaslea · DeustoKom Newseko bekaduna 2021/2022 ikasturtean